LANDA GASTRONOMIA

Gipuzkoa ostatuen, merkatuen eta azoken bidez ezagutzeko proposamena.

Gipuzkoako barnealdean, gastronomia lurretik, baserrietatik eta merkatuetatik sortzen da; horiek bizirik eusten diote produktuaren, paisaiaren eta tradizioaren arteko loturari.

Eta landa-gastronomia horren esentzia biltzen duen lekurik bada, hori ostatua da. Jateko leku bat baino askoz gehiago da: elkartzeko, elkarbizitzarako eta abegikortasunerako gunea.

Mendeetan zehar, ostatuek —landa-udalerri txikietan kokatutako titulartasun publikoko jatetxeek— janaria eta ostatua eskaini dizkiete bidaiariei, merkatariei eta herritarrei. Gaur egun ere, gizarte- eta lurralde-kohesiorako funtsezko guneak izaten jarraitzen dute; udalerri horietako benetako erdigune dira, elkartzeko, harremanak sortzeko eta tokiko bizitza dinamizatzeko lekuak. Ostatu batean sartzea herri bat ezagutzea da, bertakoak ezagutzea eta haren tradizioetara hurbiltzea.

Gipuzkoako Ostatuen Turismo Sarean bildutako establezimendu horiek toki nagusia dute «GIPUZKOA, Landa Gastronomia» gidan. Ostatu bakoitzaren fitxak haren sukaldaritza, historia eta plater bereizgarriak ezagutzeko aukera ematen du, baita herria eta ingurua deskubritzeko proposamenak ere.

Gidak, halaber, lurraldearen ikur diren eta Gipuzkoako historiarekin eta paisaiarekin lotura estua duten hiru jatorri-deitura babestuak aurkezten ditu: Idiazabal gazta, Euskal Sagardoa eta txakolina. Merkatu tradizionaletara ere hurbiltzen da; ezinbestekoak dira baserriaren, sasoiaren eta mahaiaren arteko harremana ulertzeko. Gidak ibilbideak, museo gastronomikoak, interpretazio-zentroak, alojamenduak eta bisita prestatzeko baliabide praktikoak ere proposatzen ditu.

«GIPUZKOA, Landa Gastronomia» Gipuzkoaren arimara hurbiltzeko eta bertako kultura gastronomikoa bizirik mantentzen dutenak aintzatesteko gonbidapena da.

Deskargatu gida