Sara Alonso On Tour Gipuzkoan

Sara Alonso
On Tour

Sara Alonso (Donostia, 1999) nazioarteko mendi korrikalari onenetakoa da: 2022an hirugarren postua lortu du «Salomon Golden Trail Series» gogorrean. Harekin Gipuzkoan barrena ibiltzea abentura zirraragarria da, baina, batez ere, dibertigarria. Goazen!

Zegama – Tolosa

Nola ez, Zegaman hasiko gara, Sararen bizitza aldatu zuen lekuan. Harekin batera, Zegama-Aizkorri lasterketa ospetsuaren zati bat egin eta Zegamara jaitsiko gara, Joseba Eizagirre alkatearekin hitz egitera. Han San Martinen egun ezaguna ospatzen da (azaroaren 11n), eta gazta eta azienda lehiaketa bat dago. Zegaman tripa festa ederra egin ondoren Tolosara joango gara, hango kaleetan paseatzera, dendak ikustera, eta TOPIC –Txotxongiloen Nazioarteko Museoa– bisitatzera. Eguna amaitzeko, txuleta on bat afalduko dugu, oraingoan Tolosako frontoian. Primerako plana.

Zegama – Tolosa

Orio – Zarautz

Kostara hurbilduko gara Begi-Bistan enpresarekin arraunketan aritzeko, hain justu kirol horren jaiolekuan, Orion. Gero zapatilak jarri, eta Talaia bidezidorretik korrika joango gara Zarautzeraino, kostalde osoan zehar: bistak ikusgarriak dira. Zarauzko hondartzan jada, Gipuzkoako kostaldeko luzeenean, paseo bat emango dugu olatuak ikusteko eta alde zaharretik jarraituko dugu. Bertako tabernetan pintxo batzuk jatera geldituko gara, Okamikan, adibidez. Eta ezin zen surfa falta; beraz, Shelterrek emandako eskola batekin amaituko dugu… Sarak ahal zuena egin zuen.

Orio – Zarautz

Euskal Kostaldeko Geoparkea

Kostaldean aurrera jarraituko dugu, eta Gipuzkoan berta-bertakoa eta saihestezina den zerbait aurkituko dugu: euria. Arbe Hotelean gosari oso bat hartuz indarberrituko gara, ikuspegiez gozatuz, datorren ibilaldi luzerako mentalizatzen garen bitartean: Euskal Kostaldeko Geoparkean barrena, baina baita bertako flysch amaigabeen bitartez agerian geratzen den 60 milioi urteko historian zehar ere. Mutrikutik Getariara, Deba eta Zumaian zehar, UNESCOren Munduko Geoparke honetako punturik berezienetan geldituko gara, eta, amaitzeko, bertako plater ezagunena probatuko dugu, olagarro on bat.

Euskal Kostaldeko Geoparkea

Oñati

Gipuzkoaren barrualdea zain genuen, bere txoko eta haran magikoekin. Oraingoan, goiz jaiki ginen egunsentia Urkulu urtegitik ikusteko, naturak horrelako luxuak eskaintzen baitizkigu Oñati inguruan. Eta hemendik gertu dago probintziako altxor handienetako bat ere: Arantzazuko santutegia. Han, bere historian, sorreran eta jatorrian murgildu gara… eta, bat-batean, Arrikrutzeko kobetan agertu gara. A ze abentura!

Oñati

Andoain - Amasa

Sararen hiritik trenez irten gara, Donostiatik, eta kafe bat hartu dugu indarberritzeko, Andoinera abiatu aurretik. Horixe da Gipuzkoako gure leku maiteenetako bat. Han, eguna hasteko oinei eragin diegu Adarra mendian gora, entrenatzeko primerako lekua baita. Mendi txiki baina dibertigarri honetan gozatu (eta izerdia bota) ondoren, mendiko bizikleta hartu eta Leitzarango Bide Berdean barrena ibili gara, hiria burutik kentzeko. Eta, amaitzeko, Roberto Ruis chef ezagunaren Hika upeltegira bisita egin dugu, gastronomiaren eta txakolinaren tenplura, ingurune paregabeaz ere gozatzeko.

Andoain - Amasa

Pasaia – Donostia

Eguna hasteko Pasaiara hurbildu ginen, hango kaleetan buelta bat eman, koloretako etxeak ikusi… eta itsasontzian San Pedrora joateko, euskal arrantzaleei eta Terranovan izan zituzten abenturei omenaldia egiten dien Albaola Itsas Faktoria bisitatzera. Sinestezina dirudien arren, garai bateko San Juan itsasontziaren erreplika bat egiten ari dira. Bisitaren ondoren, Donostiara itzuli ginen bide oso dibertigarri batetik, eta hiriburura iritsitakoan, sorpresa bat izan genuen… zer ote?

Pasaia – Donostia