Sagardoa eta Txakolina
SAGARDOA
Sagardoa eta inguratzen duen guztia gertakari sozial eta kultural nabaria bihurtu dira Gipuzkoan.
Familia eta lagunak elkartzen ditu bere inguruan, gorriz markatzen ditu egutegiko hainbat egun, eta Gipuzkoako pertsona gailenak erakartzea lortzen du denboraldiari hasiera emateko. Bi museok, ehun bat sagardotegik eta hainbat eta hainbat jarduerak emango dizute sagar zuku honen sekretu guztiak ezagutzeko aukera.
Hernani eta Astigarraga, hau da, Sagardoetexea (Sagardoaren Museoa )dagoen ingurua, ditugu berrogeita hamar bat sagardogile hartzen dituen lurraldearen epizentroa. Fabrikazio tradizionalaren errituari sagardotegietako kontsumoa gehitzen zaio, han sagardogileak, txotx! esatean, barrika edo kupel bateko sagardoa probatzera gonbidatzen baikaitu.
Sagardotegiak sagardoa egiten duten baserri berean egon ohi dira, eta bertan eskaintzen diguten menuak bakailao tortilla, idi txuletak, intxaurrak, gazta eta menbrilloa izaten ditu. Sagardotegi batzuetan, gainera, prozesu osoa (sagastitik mahaira artekoa) ikusi ahal izateko bisita gidatuak eskaintzen dituzte.
TXAKOLI
XIX. mendearen hasieran, txakolina baserrietan ekoizten zen eta autokontsumora mugatzen zen.
Gaur egun, 2 milioi botila baino gehiago ekoizten dira urtero eta mundu osoko mahai dotoreenetara esportatzen da. Ziztu bizian garatu den ardo txuri gazte apartsu eta freskagarri honek jatorri deitura du –Getariako Txakolina– eta ekitaldi erakargarrien protagonista da. Gainera, upeltegi ugari daude bisitak egiteko ateak zabaltzen dituztenak.
Txakolina, bere aldetik, kostaldeko mikroklima duten mahastietan sortzen da nagusiki. Gipuzkoako barnealdean gero eta hektarea gehiago hartzen ditu txakolinak (Villabona, Alkiza, Olaberria, Oñati...), baina, hala eta guztiz, kostaldeko Getaria eta Zarautzek dute produkzioaren parte handiena, eta kalitateak ere gora egin du nabarmen azken urteotan zehar, gustu kontentagaitzenak asetzeko punturaino. Sagardoa eta txakolina dira Gipuzkoako bi zaporeak. Gazteak, freskoak eta… berritzaileak!
Getariako txakolina JDren kostaldeko ibilbidea autoz egin daiteke ibilbide zoragarri batetik, Zarauzko, Getariako eta Aiako mahastien eta upategien 400 hektareak biltzen dituen paisaiaren edertasunaz gozatuta. Ibilbidea kostaldeko gainerako herrietara zabal dezakegu, Txakolinaren ekoizpena horietara hedatzen ari baita (Hondarribia, Orio, Mutriku, Deba...)