Aralarreko Parke Naturala eta Txindoki
Bideoa ikusiGipuzkoaren bihotzean, belarrezko eta mendi berdezko labirinto handi batek euskal kulturaren, tokiko ohituren eta euskararen esentziarik puruena jasotzen du.
Ongi etorri paradisu berde txiki honetara. Tolosatik Parke Naturalerako bidean Gipuzkoaren barnealdearen esentziaz gozatu ahalko dugu, bete-betean. Tolosa Gipuzkoako hiriburua izan zen XIX. mendean. Hango jauregi eta oinetxeek Zerkausiko merkatu ezagunera eramaten gaituzte. Han, larunbatero, tokiko produktuen azoka bizi bat egiten da, zeinetan baserritarrek sasoiko altxorrak saltzen dituzten; horixe da Gipuzkoako gastronomiaren sekretuetako bat. Hain zuzen ere, herriaren kultura-agendaz gain (inauteriak dira adierazle nagusia), Tolosak gastronomia bikaina dauka: babarrunak (bertako produktu izarra), txuletak (hemen «asmatu» ziren erretegiak), piperminak («Ibarrako otarrainxkak») eta gozogintza (Tolosako «Teilak eta Zigarrotxoak»)... Jaki horiek guztiek bisitariak eta, jakina, bertakoak erakartzen dituzte.
Esteka interesgarriak
Eta, gure zaletasun gastronomikoak bultzatuta, Goierri inguruan jarraituko dugu eta, asteazkena bada, Ordiziako Azokara joan gaitezke. XI. edo XII. mendean sortutako azoka honetan, saltzaileek eskualde osoko nekazaritza eta abeltzaintzako produktuak saltzen dituzte. Han gaudela, D’elikatuz gastronomiaren interpretazio-zentroa bisitatu dezakegu, hain gipuzkoarra den erlijio honetara guztiz bihurtzeko, gastronomiara, hain zuzen.
Gainera, inoiz Idiazabal gaztaren berri entzun baduzu edo produktu horren zalea bazara, tokirik aproposenean zaude. 2015ean, Europar Batasunak Goierriko eskualdeari EDEN (European Destinations of Excelence) saria eman zion, «Idiazabal Lurraldea» proiektuagatik. Proiektu hori tokiko gastronomian oinarritutako turismo-eskaintza batean datza. Gastronomiaren altxor hori tokiko azoka eta dendetan aurki dezakezu, baina gehiago sakondu nahi baduzu, Idiazabal gaztaren interpretazio-zentroa zain daukazu. Zentroan, gazta dastatzen ikasteko ikastaro baten bitartez, produktu ospetsu horren sekretuak ikasiko dituzu. Hala hemen nola inguruko askotariko gaztandegietan zure eskuekin gazta egiteko esperientzia bizi ahalko duzu. Agian ez duzu inoiz hemendik joan nahiko.
Gastronomia-arloan hainbeste gozatu ondoren, oraindik ere naturarekiko harreman gehiago izan nahi baduzu, Aralarreko Parke Naturala eta Txindoki gailurra hortxe ditugu, harrikada batera. Parkean paseatzen, zaldiak eta ardiak gurutzatuko ditugu, mendizaleak eta txangolariak agurtuko ditugu, eta hodeiak ikusiko ditugu pasatzen. Bitartean, Txindokiren 1.331 metroko garaiera are gehiago goratzen duen argiak harrituko gaitu. Txindoki Gipuzkoako mendietako irudirik ezaguterrazena da. Haren atzealdean, zelai izugarriak hedatzen dira, harrizko kontrahormek helduta, norabide guztietan. Dozenaka bidezidor igotzen dira haranetan gora eta artzainen goi-lautada megalitiko hau zeharkatzen dute. Gailurretik, arnasa sakon hartuta eta zerumugan Basque highlands deritzon eskualdea izanik, denbora gelditu egiten dela sentituko duzu.