Txotxaren errituala
Bideoa ikusiSagardotegiak sagardo-upeltegiak dira, eta Gipuzkoa halakoz beteta dago. Lurraldean zehar banatuta dauden sagardotegietan, hainbat modutara bizi eta dasta dezakezue gure kulturan hain errotuta dagoen produktu historiko hori.
Sagardotegi-denboraldia urtarrilean hasi eta apirilean amaitzen da, eta garai ezin hobea da sagardo berria dastatzeko, upeletatik zuzenean. Sagardotegi-denboraldian, sagardogileak berak etxeko sagardoak dastatzera animatzen ditu mahaikideak, «txotx» oihukatuz. Sagardo-dastaketa horretan, sagardotegiko menu tipikoa ateratzen da mahaira: etxeko aperitiboa, bakailao-tortilla, txuleta txingarretan, intxaurrak, Idiazabal gazta eta sagar- edo irasagar-gozoa. Udan eta udazkenean, sagardotegiek denboraldi berria abiatzen dute, sagardoa «txotx» eran edo botilan eskaintzeko, sasoiko gastronomia-produktuekin batera.
Esteka interesgarriak
Gure sagardo-upeltegiak ezinbesteko helmugetako bat dira Gipuzkoara heltzen direnentzat. Lurralde osoan zehar banatuta eta urte-sasoi ezberdinetan irekita daudenez, tokiko tradizioaz gozatzeko aukera eskaintzen digute. Milaka urte dituen produktu hori dibertsifikatu egin da gaur egun, eta hainbat produktu ditugu: jatorri-deiturako sagardoak, barietate bakarrekoak, ekologikoak, ciderrak, sagar-zukuak, sagardo apardunak, izotz-sagardoak eta likoreak, besteak beste. Upeltegiek berek eskaintzen dituzten bisita gidatuak eta dastatzeak egitea da horiek probatzeko modurik onena.
Bisita gidatuetan, familia ezagutzen da aurrena. Ondoren, sagastia bisitatzen da, guztiaren jatorria. Sagastitik, produktuak dastatuz, ibilbide bat egiten da etxeko leku ezkutu eta sekretuetan zehar. Amaitzeko, upeltegian sagardoa dastatzen da, eta esperientzia sagardotegiko menu tradizionalarekin osatzen.
Gipuzkoak bere udalerrietan gordetzen du sagardoaren historia. Garai batean elikagai izandakoak gaur egun aukera ematen digu zurrupada bakoitzean gure lurraldearen historiaren zati batez, lanbiderik zaharrenez eta tokiko biztanleen bizitzaz gozatzeko. Horren lekuko dira Astigarragako Sagardoetxea sagardoaren museoa eta Ezkioko Igartubeiti dolare-baserria.
Astigarragan Sagardoetxea edo sagardoaren museoa dago, eta, bertan, sagardoaren munduaren sekretu guztiak ezagutu eta dastatu ahal izango dituzu. Museoak hiru gune bereizi ditu: sagastia, non hainbat sagar-mota, heltze-prozesua eta sagarren bilketa ezagutzeko aukera izango duzun; dastatzeko eta probatzeko gunea, txotxaren sekretuetan lehenengo urratsak emateko ezin hobeak, eta museoa bera, zeinetan tresnen, jokoen eta argazkien erakusketa aurkituko duzun, sagardoren inguruko errituak eta ohiturak ezagutzeko.
Igartubeiti museoa gaur egun abian jarraitzen duen XVI. mendeko dolare-baserri bakarra da. Merezi du ikustea, ezagutzea eta sentitzea nola hormek eta habeek musika egiten duten oraindik. Baserrian, antzina sagardoa nola egiten zen ezagutzeaz gain, garai hartako euskal familien bizitza ezagutu daiteke: haien lanbideak eta bizimodua.