Hondarribia
Bideoa ikusiBidasoa ibaiaren aho betean dagoen hiri txiki bat da Hondarribia, eta tokiko hirigune historikora sartu, arrantzaleen auzotik paseatu edo hiriko natura amaigabean zehar ibiltzen den edonor liluratzen du.
Kokaleku estrategiko batean dago: Frantzia du aurrean eta mendiak beste aldean. Hondarribiak bizirik mantentzen du bere historia eta jai-giroa, toki guztietan. Ezinbestekoa da Hondarribiko hirigune historikoa bisitatzea. Harrizko kaleen gainean dago Gipuzkoan hoberen kontserbatzen den hiri harresiduna; edozein tokitara begiratuta ere, garai batean izandako herri estrategikoaren aztarnak ikus ditzakegu. Herriko harresiek makina bat setio jasan zituzten mendeetan zehar. Santa Maria Atean oraindik ere hiriaren armarria duen arku eder bat kontserbatzen da; ate horretatik sartuta, Kale Nagusitik igo gaitezke eta, alboetan, tokiko denda txiki batzuk, tabernaren bat, Hondarribiko Udala eta Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria eliza gotikoa ikusiko ditugu. Aurrera jarraituta, gure begien aurrean Arma Plaza aurkituko dugu; zelaigune honetan armadaren harrera-jaiak, zezenketak eta beste herri-jaialdi batzuk egiten ziren. Gaur egun, plazako terrazetako batean zerbait har dezakegu, baita Hondarribiko ostatu ederra bisitatu ere.
Esteka interesgarriak
Harresiaren eremutik irtenda, Marina edo Portu auzoa eta hiriaren gune nagusia aurkituko dugu: San Pedro kalea. Han, arrantzaleen etxe tradizionalak tokiko arrantza-ontziak bezala daude margotuta, eta Hondarribiko girorik bizienaren lekuko dira. Oinez goazen bitartean, inguruko jatetxe eta pintxo-tabernarik famatuenetan geratu gaitezke zerbait hartzera.
Izan ere, gastronomiak ingurune hau definitzen du: jatetxeak, pintxoak, terrazak... Askotariko proposamenak eskaintzen dituzte tokiko sukaldaritzarik hoberenaz, bertako produktuez eta, batez ere, hemengo benetakotasunaz gozatzeko. Eta ez da ahaztu behar Hondarribiko txakolin lurrintsua dagoela, tokiko Hondarribi zuri eta beltz mahatsaz egina, zeinak enoturistak eta bertako ardo honen zaleak erakartzen dituen.
Itsasorantz eta hondartzarantz hurbilduz Hondarribiko eremurik naturalenera gerturatzen gara: paseatzeko, jarduera fisikoak eta aisialdikoak egiteko eta ibiltaritzarako ingurune naturalak, etab. Jaizkibel mendira igo, Higuer farora joan eta Talaia bidean zehar ibil gaitezke. Bestela, hiriaren zaindari Guadalupeko Ama Birjinaren santutegira igo gaitezke, badiaren panoramika zoragarri batez gozatzeko.
Azkenik, Hondarribiak lotura saihetsezina du itsasoarekin. Arrantzaleen bidez eta, gaur egun, traineruen bitartez, zeinetan Hondarribiak eliteko kirolean talde bat daukan, Kantauri itsasoa kostaldeko hiri honen bizitzako alderdi askotan dago. Horri esker, askotariko planak eta esperientziak egin ditzakegu: urpeko igeriketa, padel surfa, txangoak belaontzian edo katamaranean, etab. Halakoen bidez, kokaleku eder honetaz beste ikuspegi paregabe batez gozatzeko aukera izango dugu.