Arantzazuko Santutegia
Bideoa ikusiBasterretxea, Chillida eta Oteiza artista handien eskuek are gehiago goratu zuten Aizkorri izeneko baliabide natural baliotsuaz inguratuta dagoen Santutegi honen handitasuna.
Kondairak dio Rodrigo Balzategi artzainari Ama Birjina agertu zitzaiola elorri-arantza baten gainean eta hark, harrituta, zera galdetu ziola: «Arantzan zu?». Orduan, Ama Birjinak azaldu zion Arantzazu izeneko baseliza bat eraiki behar zela eta, denborarekin, toki hori ospetsua izango zela. Ordutik eta hainbat mendez, eraiki zen toki hori erromesaldia egiteko tokia bihurtu zen frantziskotarrentzat, eta artearen eta kulturaren erreferente bat ere bihurtu zen.
Esteka interesgarriak
Arantzazuko Santutegia, gaur egun ezagutzen dugun moduan, eraikinak bere historian izan dituen hiru suteen ondorioz egin zaizkion berreraiketen emaitza da. Azken sutea 1834an izan zen.
Santutegiaren eraikin harrigarria amildegi gainean zintzilikatuta eta harkaizti gainean eraikita dago, Oñatiko ingurune malkartsu eta natural batean. Etengabeko bilakaera izan du, baina 1951n alde batera utzi zituzten zaharberritzeak eta eraikina zabaltzeko proiektuak, basilika berri bat sortze aldera. Obra solemnea izango zen, baina estilo modernoan adierazia, eta garrantzi berezia emango zitzaion osagai artistikoari.
Francisco Javier Sáenz de Oizak eta Luis Laorgak aurkeztu zuten proiektuak irabazi zuen eta Gipuzkoako artista unibertsalenetako batzuen esku-hartzeak irten ziren proiektu hartatik. Hala, Jorge Oteizak sortu zituen Santutegiko sarrerako frisoan dauden apostoluak, prozesuan izan zituen eragozpenak gorabehera; Eduardo Chillidak bere abangoardiako estiloa erabili zuen sarrerako ateak egiteko; Javier Álvarez de Eulatek beirate argitsuak egin zituen; eta Nestor Basterretxeak bere margotzeko arteak landu zituen kriptan. Santutegi honek izugarrizko balio artistikoa gordetzen du, Deba Bailaran babestuta; hala, abangoardiako artearen bilakaeraren lekuko izan da, mendeetan zehar.
Eta Bailara honetatik hurbil, kilometro gutxira, makina bat mendi-bide zabaltzen dira bidaiariarentzat, besteak beste, Aizkorri-Aratz Parke Naturalera daramana. Han Euskadiko gailurrik garaienetako bat aurkituko dugu, Aizkorri mendia (1.528 m), eta handik inguruko gainerako mendi guztiak ikusi ahalko ditugu. Oria, Urola eta Deba ibaiak urtez urte igaro izanak bere aztarna utzi du San Adrian igarobidean. Arrokan zulatutako tunel horretan babestuta baseliza bat dago.
Eta, oso hurbil, Oñatiko ingurunean historiarekin eta naturarekin harremana izateko esperientzia osatzeko, Arrikrutzeko haitzuloak bisitatu daitezke. Haranaren erdian, naturak eraikitako lurpeko katedral barroko hau aurkituko dugu; dozenaka kilometro dituzten elkarlotutako zulobideak ditu barruan. Gipuzkoa barnealdearen magia bere gorenera heltzen da Arantzazu eta haren ingurua bisitatzean. Esperientzia bete-betea eta ahaztezina izango da.