Paisajes y naturaleza

Loiolako Santutegia

Bideoa ikusi

Urola Bailararen erdian, mendi artean eta ingurune xarmagarri baten erdian dago Santutegi hau, Ignazio Loiolakoa 1491n jaio zen etxearen inguruan eraikita.

Kupularen handitasuna ingurune naturalean gailentzen da, eta kokagunea Gipuzkoako barnealdearen nahitaezko bisitaldi bat bihurtzen du. Aurrealdeko lorategi zainduetara hurbiltze hutsaz, inguruneko espiritualtasunak hartzen gaitu. Ignazio Loiolakoaren eskultura bat dago, haren izen bereko basilikaren sarbidera garamatzan pasealekuaren hasieran. Basilika Loiolatarren familiaren dorretxearen inguruan eraiki zen, eta bi gertakarik bihurtu zuten etengabeko erromesaldi baten erdigune: Eneko Lopez Loiolakoaren jaiotza, 1491n, eta haren Katolizismorako konbertsioa, 1521ean.

Carlo María Fontana italiar arkitektoak diseinatu zuen basilika, eta eraikinaren erdiko zatia da. Kanpotik 65 metroko garaiera duen kupula hunkigarri bat ikus daiteke; kupula horrekin, 150 metroko luzera duen fatxada bati ematen zaio oreka. Obra 1689an hasi zen eta eraikina ez zen 1738ko uztailaren 31ra arte inauguratu, hots, San Inazio egunera arte. Obran 600 harginek egin zuten lan, eta Izarraitz mendiko marmolezko bloke handiak erabili zituzten eliza eraikitzeko.

Eraikinaren elementurik erakargarrienetako bat bere kupula ikusgarria da. Hain zuzen ere, 20 metroko diametroa du eta 50 metroko garaieran dago, eta fedea, esperantza, erlijioa, karitatea zuhurtasuna, justizia, indarra eta neurritasuna irudikatzen ditu. Pixka bat aurrerago, marmolezko aldareetan, San Ignazio Loiolakoaren oin biribileko zilarrezko estatua bat dago. Gainera, hiru teklatu eta bi mila hoditik gorako organoa entzuteko aukera izan dezakezu, ospakizun liturgiko edo kontzerturen bat dagoenean joaten bazara.

Azkenik, San Ignazio jaio zen etxea bisitatu ahalko duzu; han, haren familiaren eguneroko bizitza nolakoa zen ezagutu eta haien gertakari historiko batzuen berri izateko aukera izango duzu. Horrekin guztiarekin, espiritualtasunez betetako esperientzia bat osatuko duzu, Santutegia bera bezain berezia eta erosoa den ingurune natural batean.