Paisajes y naturaleza

Gipuzkoako itsasertzeko hondartzarik luzeenak 2,5 km luze ditu eta «hondartzen erregina» deitzen diote. XIX. mendetik nazioarteko helmuga turistikoa den herri honek duen erakargarritasunetako bat besterik ez da hondartza.

Arrantza-herri gisa sortu zenetik Kantauri itsasoko balea desagertu zen arte, Zarautz tokiko herritarren topagune bat izan da. Eta, gaur egun, nazioartean ezagutzen dira helburu turistiko honen bertuteak. Surfa, gastronomia eta natura arnasten dira Gipuzkoako identitatearen esentzia islatzen duen ingurune honetan.

Herriko hareatza zabala hondartza-egun batez gozatzeko ezin hobea da, baita surfeko hasiberrientzat eta profesionalentzat ere, eta gazteek, familiek eta zaharrek urte osoan gozatzen dute lehen aldiz esperientzia horretaz, herri osoan zehar dauden eskoletan, naturarekin zuzeneko harreman betean. Zarautzeko malekoi zabalean paseatuz tokiko giroaz gozatu dezakegu; herri kirolak egoten dira asteburu askotan, baita kontzertuak eta terrazak ere, eta giro bero eta jatorra udako edozein egunetan edo urteko edozein asteburutan.

Hondartzatik minutu gutxira, alde zaharrean sartzen bagara, harrizko kale estuetan murgilduko gara; kaleok duten arrantza-herrien esentziari esker, edozein terrazatan elkarrizketa bat izatea edo tokiko dendetan erosketak egitea esperientzia guztiz erlaxagarria bihurtzen da. Tabernetako barrak pintxoz beteta aurkituko ditugu eta, astelehenetik larunbatera, baserritarren giroa ikusiko dugu herriaren erdian egiten den merkatuan, zeinetan tokiko merkatarien begikotasunak limurtuko gaituen. Izan ere, Zarautzen toki guztietan entzungo dugu «Ongi etorri» esamoldea. Hainbat hamarkadaz turismoa erakarri duen halako toki batek ongi daki bisitaria zaintzen.

Baina Zarautz ez da hemen amaitzen; malekoitik oinez jarraitzen badugu, Iñurritzako Biotopoaren dunetara helduko gara. Han ur gaziak eta gezak nahasten dira, baita askotariko animaliak ere. Kaioek hurbiletik zaintzen dute padura eta tokiko landaredi ugaria. Azkenik, ezin dugu Zarautzetik joan Mollarriko Zamalekuraino doan paseoaz gozatu gabe; garai batean, Asteasuko meategietan ateratzen zen mea guztia biltegiratzen zen han. Zamalekutik, Zarautzen ikuspegia, Getaria atzealdean duela, benetan ikusgarria da, bereziki ilunabarrean.