Top 10 Gipuzkoa

Familia osoarentzako planak Gipuzkoan

10 proposamen ingurune natural eta kultural onenetan.

Gipuzkoak baliabide ugari eskaintzen ditu, baina hona hemen familiarekin jaiegun apartaz gozatzeko plan batzuk. Haurrentzat pentsatuta daude, baina helduak ere konbentzituko dituzte.

Kulturarekin uztartutako baliabide natural batzuk, zoritxarrez askotan ezezagun zaizkigunak.

Topic Tolosa. Txotxongiloen museoa.

Haur txikientzako gozamen bat izango da, baina helduok ere haurtzarora eramango gaitu. Originala eta dibertigarria, kolorez eta efektu bitxiez betea. Mariona maskotak ongietorria egingo digu museoko aretoen harreran, eta iraganera eta orainaldira bidaiatuko dugu.

«Txotxongiloa ez da panpin bat soilik, panpin bizidun bat baizik. Eta nork ematen dio bizia? Mugiarazten duenaren emozioak, begiratzen dionaren emozioak».


 

Egun batez Indiana Jones sentitzea. Irugurutzetako meategiak Irunen.

Jarri kaskoa eta sartu Irugurutzetako meategietan. Historiaz betetako galeria bat da, erromatarrak hasi baitziren meatze horiek ustiatzen. Mineralak galeriako paretetan uzten dituen koloreak ikustea luxu bat da, haurrei ikaragarri gustatuko zaiena. Modu bikaina da ulertzeko zer garrantzi duen Aiako Harriak, itsasotik irten zen lehen euskal mendiak. 

Bisita Oiasso Museotik abiatzen da. Han biltzen da erromatarrek Irunen izandako presentzia osoa, eta hura bisitatzea ere merezi du.


 

Mater museora igotzea eta marinel sentitzea. Pasaia.

Museo bihurtutako Mater atunontzia hezkuntza gela bat ere bada, eta herritarrak itsasoa garbitzearen garrantziaz kontzientziatzen ahalegintzen da gainera. Gure marinelen bizitza ezagutu nahi baduzu, igo zaitez Materrera; eta itsasoratu, itsasoa garbitzen lagundu edo Ulia eta Jaizkibelgo itsaslabar zoragarriak ikusi nahi badituzu, hauxe da zure abentura.

Lur garden. Hainbat eta hainbat loreren artean. Oiartzun.

Oiartzunen ezkutatutako txoko bat, lore baratze natural bihurtua. Lur Paisajistak estudioak sortu du, bederatzi urtez lanean aritu ondoren. Ibil zaitez lorategi ispiluan, hosto handiko lorategian, lorategi jurasikoan…

Ziur nago buelta bat baino gehiago emango duzula. Gure galeria ikusita soilik, joateko gogoa sartuko zaizu.

Igartzan taloak egitea. Beasain.

Euskadin, Igartza da dolarea, jauregia, burdinola, zerrategia, ermita eta aterpea dituen monumentu multzo bakarra. Gutxi balitz bezala, Europako presa musealizatu bakarra dauka. Bertako bisita gidatua Gipuzkoako gomendagarrienetako bat da, sorpresa bat baino gehiago ikusiko baituzu.

Haur nahiz helduak ongi pasaraziko dituen talo tailer bat ere badu; ondoren, jan egingo dituzue talo horiek.


 

Zaldizko ibilaldiak ingurune natural onenean. Lazkaomendi.

Aralar mendilerroa eta Txindoki mendi berdingabea; ardiak, behiak eta zaldiak dituzten belardiak. Paisaia ireki bat, arrazoiz dena Mari jainkosaren bizileku. Goierrin aurkituko ditugun jarduera ugarien artean, zaldiz paseatzea esperientzia bikaina izango da.

Lazkaomenditik eta Donosti City-ren esentzia den Pipas jatetxetik oso gertu, Lazkaomendi zaldi kluba dago. Zaldibia zaldiaren lurra da, eta, beraz, bertan zaldiz ibiltzea gomendatzen dizuegu. Badituzte abentura jarduerak eta hipika kanpamentuak ere.

Multiabentura Larraitzen. Abaltzisketa.

Larraitzen, Abaltzisketan, eta berriz ere Txindokiren magalean, haur, heldu, familia eta koadrilentzako abentura parkerik onena aurkituko duzue.

Erronkak eta oztopoak, zailtasun handiagoko zein txikiagoko zirkuituetan. Tirolinak, hodiak...

Iraganera bidaia Lili Jauregian eta ekain berrin. Zestoa.

Jauregira iristean, atea hiru aldiz jo eta Andre Madaleni txanponak emango dizkiozue. Ezinbestean egin beharreko erritual bat da euskal arkitektura gotikoaren altxor hori, Lili Jauregia, bisitatzeko. Bisita antzeztu horietan, Andre Madalenek, etxearen jabeak, iraganera eramango zaituzte. Agintzaile samarra da; beraz, baliteke mahaia prestatzeko edo konpota egiteko eskatzea, ordu erdiz haren zerbitzari izango baitzarete.

Zestoako bisita osatzeko Ekain Berrira joan zaitezkete, gaur egun Munduko Ondare den kobaren erreplikara. Ekainen, gainera, haur eta helduentzako oso jarduera dibertigarriak egiten dituzte. Ordu batzuez, historiaurrean zaudela pentsatuko duzue.

Donostiako Aquariuma.

Donostiako klasiko honek ez du huts egiten. Koloretako arrain ugari, balea handiaren hondarrak eta bilduma sinestezinak ikusteko egun bat.


 

Gaztandegi bat bisitatzea. Ondarre seguran.

Gure izar gastronomikoetako bat gazta da. Segurako Ondarre nekazaritza turismoaren gaztandegian, baserriko bizitza nolakoa den, ardiak nola zaintzen diren eta gazta nola egiten den erakutsiko dizuete.

Badira merezi duten bisita gidatu batzuk ere, edertasun handiko landa ingurune batean.

Interesgarria iruditu zaizu? Parteka ezazu!

Artikulu hau idatzi du:

Autor

Donosti City
Blog de viajes
Donosticity.org