Donostiako San Bizente Eliza
Parte Zaharraren bihotzean kokatua, San Bizente eliza Gipuzkoako hiriburuko tenplurik zaharrena omen da.
XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, euskal gotiko estiloan, Migel Santa Zelai eta Joan Urrutia hargin maisuen zuzendaritzapean. Oinplano angeluzuzena du, eta hiru habearte. Eraikinaren arrosa-leihoek eta arku zorrotzek Parte Zaharrean paseoan dabiltzan guztiak liluratzen dituzte, hala bertakoak nola turistak. Barnealdean iluna da, baina oso ederra, leku lasaia zinez. Elizako altxorren artean, Anbrosio Bengoetxea eskultoreak egindako presbiterioko erretaula ikus dezakegu.