Plaiaundi, hegaztientzako luxu bat
Espazio ez oso ezagun bat, estuarioak hegaztien migrazioan zein garrantzitsuak diren erakusten diguna.
Harrigarria bezain ezezaguna, Txingudiko badian dagoen eremu honek bisita lasaia merezi du. Plaiaundi du izena, eta Bidasoa ibaiak Kantauri itsasoa besarkatzen duenean begien gozagarri uzten digun oparia da. Luxuzko hotel bat, bertan bizi diren hegazti ugariek nahiz migrazio luzean igarotzen direnek atseden har dezaten.
Deigarria da nola hemen, aireportuko pisten, trenbideen, errepide nazionalaren, industria pabiloien eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako herrien artean, paradisu txiki bat duten hezegune honetako 150 bat hegazti espeziek eta beste hainbeste itsas espeziek eta intsektuk. Gutxi balitz bezala, parke erdian kirol instalazio batzuk daude, orain beste leku batera eraman nahi direnak.
Egia esan, Txingudiko inguru natural guztiak primerakoak dira uretako jarduerak eta mendi ibiliak egiteko. Larhungo mendiaren, Aiako Harriaren eta Jaizkibel magikoaren artean, xenda, bidegorri, ibai eta padura sare handi bat ikusiko dugu, edozein motatako kirol jarduerak egiteko. Gainera, Irun garrantzi handiko erromatar kokagune bat izan zen, eta Hondarribian alde zahar apartaz gozatuko dugu, beste gauza askoren artean.
Baina itzul gaitezen Plaiaundiko parke ekologiko honetara. Evak eta Paulek atsegin handiz egin zuten aurkezpena parkeko Ekoetxean, bideo interesgarri bat ere erakutsirik. Esan behar da, herritarrak bisita egiten badu, gomendagarriena harreran prismatikoak eskatzea dela, hegazti asko ikusiko baititugu bidean.
Bidasoaren bi ertzetan pixkanaka ezarri diren babes neurriei esker, hezegunearen zati bat berroneratu eta kontserbatu ahal izan da. Bidasoaren estuarioa, Txingudiko badia bezala, Natura 2000 Sarearen barruan dago; lehenengoa HBBE gisa (hegaztientzako babes bereziko eremua), eta badia, berriz, Batasuneko garrantzizko leku gisa. Gaur egun, nazioarteko garrantzia duten hezeguneen Ramsar zerrendan dago Plaiaundi.
Parkeak 24 hektareako azalera du, eta mareen erritmoaren arabera uhatez konektatutako bi aintzira ditu: San Lorentzo eta Txoritegi. Zuhaitz handien artean bi kilometroko ibilbide bat dago, zortzi baten itxuran, tokiaz gozatzeko eta hegazti ugari ikusteko aukera ematen duena; besteak beste, koartza hauskarak, mokozabalak, zapelatz arruntak, belatz handiak, martin arrantzaleak, zankaluzeak, bernagorriak eta kurlinta handiak.
Merezi du ilunabarrera arte itxarotea, ikusteko nola ipintzen diren koartzatxo itzainak, elurra bezain zuriak, ur gezako aintziraren zuhaitzetan, errugbi zelaiaren ondoan. Ikuskizun bat da.
Osagarri gisa, jakin dugu San Lorentzo aintzira handitzeko proiektu bat dagoela martxan, baita Plaiaundin zehar Hondarribia, Irun eta Hendaia herriak lotzen dituen oinezko bide eta bidegorria handitzeko ere.
Bidegorria:
Pierre Lotitik Iparraldeko etorbidearen zubiraino doan oinezkoen bide eta bidegorri hori Adif eta Euskotren zubien azpiko piloteen gainetik igaroko da, eta, Abenida zubia gainetik gurutzatu ondoren, Hendaian Bidasoa ibaiaren eskuinaldetik Txingudiko padurarantz eta Faisaien uharterantz doan oinezkoen bide eta bidegorriarekin lotuko da (Eurovelo 1).
Era berean, Irunen, Stadium Gal-en atzetik doan bidegorriarekin lotuko da ibaiaren ezkerraldetik.
Jarduera horren bidez, marearteko eremuei lotutako padura ekosistema berreskuratu nahi da, eta espazioaren erresilientzia handitu klima aldaketaren inpaktuari aurre egiteko. Halaber, herritarrei aukera eman nahi zaie Txingudiko padura osatzen duten hiru herrien artean modu jasangarri eta osasungarrian joan-etortzeko, oinez nahiz bizikletaz.
Proposamena:
Ez dezagun ahaztu Jaizubiako paduretako adarra; izan ere, ibilaldi ederra egiteko aukera ematen du, Amute auzotik Endaneako haztegietaraino edo Hiruzta upategietaraino.
Patxadaz, eta ahal dela egun eguzkitsu batean, gomendatzen dizuegu autobusez edo autoz Plaiaundiko Ekoetxeraino joatea eta parkea bisitatzea, Alkaingo pabiloietan barrena Amuteko zubiraino joatea, Jaizubiako adarra hartu eta ondoren kontrako norabidean itzultzea, berriz ere Plaiaundin amaitu arte. Ilunabarra eta koartzatxo saldak nola iristen diren ikusi ahal izateko denbora ongi kalkulatzen badut, bikain bat jarriko diot nire buruari etxerakoan.