Planak familiarekin
Abenturazaleenentzako aukera bikainenak
Gipuzkoak plan ugari eskaintzen ditu, etxeko inor ez aspertzeko. Familia neurriko dibertsioa nahi baduzue, abentura horietako edozeinetan abia zaitezte, badago eta non aukeratu.
Esaterako, hegaluzetarako txalupa zahar batera igo zaitezkete, arrantzari eta arrantzaleen bizimoduari buruzko ur gaineko museo bihurtuta baitago gaur egun. Aquariuma bisita dezakezue Donostiako portuan. Eta museoak ikus ditzakezue, txokolatearena, trenbidearena, txotxongiloena, musikarena edo erromatarrena. Baserri bateko landa ingurunea ezagutu eta hango artaldeak zaintzen eta gazta, ogi irinezko opilak eta taloak egiten ikas dezakezue. Historiaurreko haitzuloetan sar zaitezkete, eta ikasi nola marrazten eta ehizatzen zuten gure arbasoek… Zaldiz ibiltzeko aukera daukazue, izotz gainean irristatzeko, tirolinan ibiltzeko eta abentura parke bat bisitatzeko. Edo atrakzio parke batera jo dezakezue bestela, zurezko funikular batean igota. Biotopoetan barrena ibili, urtegiak inguratu eta bide berdeak korritu, horra beste aukera batzuk. Eta, azkenean, afarian “Bikaina eguna...! Zein dugu biharko plana?” entzungo duzue.