Paisajes y naturaleza

Chillida Leku

Bideoa ikusi

«Behin utopia bat amestu nuen: nire eskulturek atseden hartuko zuten toki bat bilatzea, jendeak aukera izan zezan eskulturon artean ibiltzeko, basoan baleude bezala». Hitzokin jarri zituen Eduardo Chillida donostiar eskultoreak Chillida Lekuren oinarriak. 

Hernanin, Donostiako erdigunetik minutu gutxira, onibar hau gure begien aurrean zabaltzen da eta bakezko eta gozamenezko eremu bat eskaintzen digu, urteko edozein sasoitan. Chillida maisuaren obra lursaileko 11 hektareatan zehar sakabanatuta dago; hala, artistaren 40 eskultura baino gehiago daude modu estrategikoan kokatuta. Artistaren asmoa zen elkarrizketa sortzea bere obren artean eta obren eta naturaren artean; hain zuzen ere, elkarrizketa hori erabatekoa da eta bisitaria zentzumenen bidezko bidaia horren konplize bihurtzen du.

Paseo luze batek parkean zehar ibiltzera eta eskulturen aurrean gelditzera garamatza, eskulturok ukitu eta materialen ehundurak sentitu ahal izateko. Batzuetan, eskulturen barrenera ere sar gaitezke.

Guztiaren erdigunean, Zabalaga baserria aurkituko dugu. Eduardo Chillidak birgaitu egin zuen, eraikinaren identitate tradizionala mantenduz. Baserriaren hormetan, artistak eraikinaren barruan eremu handi bat lortzeko egindako zaharberritze-lan fina ikus daiteke. Hala, gaur egun, artistaren lanekin batera jartzen diren erakusketa ibiltariak bisitatu ditzakegu, baserriaren bi solairuetan.

Baina lurraldearekin duen lotura ez da museoan hasi eta bukatzen; Chillidaren aztarna Gipuzkoa osoan dago. Esaterako, Donostian aurkitzen ditugun obretan, zeinen artean Haizearen Orrazia derrigorrezko bisitaldia den, edo Legazpiko Burdin Haraneko Chillida Lantoki tailerrean, zeinetan materialak lantzen zituen eta gaur egun ezagutzen ditugun eta eskulturaren erreferentzia unibertsal bat diren lan batzuei forma ematen zien. Chillida Lekuri eta gure lurralde osoan banatuta duen lanari esker, badirudi gure artistaren obra ez dela inoiz amaitzen.