Getaria
Bideoa ikusiCristóbal Balenciaga, mundu mailan ezaguna den goi-mailako jantzigintzako jostuna, Getarian jaio zen. Juan Sebastian Elkano, munduari lehenengo bira eman zion marinela, ere bai.
Orain txakolin-mahasti zabalez inguratuta dagoen kostaldeko herri txiki honetan, ezagutzen dugun historiaren zati bat gertatu da. Zerbait izango du Getariak, hain berezia izateko. Nork esango zuen harrizko kaleak dituen arrantza-herri xarmagarri hau hainbat mendez berrikuntzaren sorterria izan dela? Goiko aldean, aluminio beltz harrigarriko fatxada duen eraikin batek mundu mailan Balenciaga gisa ezaguna den diseinatzailearen museoari ematen dio bidea. Arrantzale baten semea eta jostuna izanik, hainbat hamarkadatan garatu zuen bere talentua, goi-mailako jantzigintzako jantziak berrikuntza handiz diseinatuz, bere garaiko pertsona famatuentzat. Museoaren estiloak halleko giro limurtzailearen bidez erakartzen gaitu, bai eta museoko aretoen bidez ere, zeinetan jostunaren jantziak, osagarriak eta dokumentazioa biltzen diren; benetako altxorra dira hala sortzailearen jarraitzaileentzat nola diseinuan, kulturan eta modan interesa duen edonorentzat.
Esteka interesgarriak
Herria banatzen duen errepidearen beste aldean, Juan Sebastian Elkanoren eskulturak arrantzarekin eta itsasoarekin lotura handiagoa duen eremu batera garamatza. Portura jaisteko edozein kale aukeratuta ere, parrila usainak eta tabernetako giroak gure zentzumen guztiak pizten dituzte eta baleazaleen, bidaiarien eta portuko berebiziko jardueraren garaiak ekartzen dizkigute gogora; hain zuzen ere, jarduera horixe aurkituko dugu bidearen amaieran. Han, saregileak lanean ari dira, Kantauri itsasoari aurre egiten dieten arrantzaleek erabiltzen dituzten sareak egiten. Arrantzaleok itsasoari begietara begiratzen diote, eta ez dira kikiltzen, gero Getariako parrilak eta jatetxeetako txingarrak beteko dituzten harrapakinak lortzeko orduan. Ehunka urte igaro dira, baina esentzia eta formak berberak dira, oraindik ere.
Herriaren gainaldean, alfonbra berde batek estaltzen ditu muinoak, zeinetan mahastiz betetako hainbat hektarea ikus daitezkeen. Haietan aurki daiteke txakolina sortzeko erabiltzen den mahatsa. Ehunka urteko edari hori ere lur hauetan sortu zen. Cristóbal Balenciaga Museoa bisitatu, arraina parrilan erreta jan eta hondartzan gozatu ondoren, Getarian dauden txakolindegietako batera joateko ordua da. Halako ingurune natural batean txakolina dastatzeaz gozatu eta kostara begira itsas haizeaz liluratzea, badian Getariako arratoia nagusi dela, bizitzarekin adiskidetzen gaituen esperientzia bat da.