Paisajes y naturaleza

Pasaia (Albaola)

Bideoa ikusi

Kostaldeko herri hau izan zen Europako balea-portu nagusia, eta hemendik atera ziren Ternuarako euskal espedizio handiak. Itsas esentzia, bete-betean.

Pasaia euskal kostaldeko eta Gipuzkoako toki xarmagarrietako bat da. Itsas tradizioa eta gastronomia batzen dira, itotzeko moduko bistak dituen badia baten inguruan. Pasai Donibaneko eta Pasai San Pedroko kaleetatik barrena paseatzen badugu, ikusiko dugu nola, oraindik ere, bizi-bizirik dagoen arrantza-itsasontzien tradizioa, txoko guztietan eta ibai-ahoaren bi aldeetan bizi diren pertsonen eguneroko bizitzan. Albaolaren gisako ekimen bat eta berorren hormen barruan gertatzen den guztia, Pasaian soilik gerta zitekeen.

Hemen, Albaola nahitaezko bisitaldia da. Pasai Donibanetik etorriz gero, Pasai San Pedrorekin lotzen duen txalupa motordunean igoko gara eta Itsas Kultur Faktoriara helduko gara. Ontziola eta museo horretan, bisitariak zuzenean ikus dezake nola eraikitzen duten eskuz San Juan baleontziaren erreplika, eskala errealean. Euskal galeoia Kanadan urperatu zen XVI. mendean. Bisitaldiak zuzenean eramango gaitu Ternuako ibilbideetara, ontzietan sagardoa eramaten zuten baleazaleetara, eta itsasontziak Albaolan bezala «eskuz» eraikitzen ziren garaira.

Hortik metro gutxira, Mater - Ontzi Museo Ekoaktiboa aurkituko dugu. Atuna harrapatzeko itsasontzi bat da, bisitatzeko modukoa, zeinetan arrantza tradizionala praktikatzen den eta benetako arrantzale baten moduan sentitzera bultzatzen gaituen. Ez soilik portuan lehorreratuta, arrantzan egitera irteteko jarduera ere antolatzen dute, pertsona kementsu, ikusnahi eta, batez ere, goiztiarrentzat.

Albaolako bisitalditik bueltan, Pasai Donibane Pasaiako eta Gipuzkoako beste altxor handietako bat da. Kale bakarreko marinel-herri bat da, baina Gipuzkoako eta Euskadiko itsaski-jatetxerik onenetako batzuk bertan daude. Hain da berezia, ezen frantziar eleberrigile Victor Hugok miresmen handiz deskribatu baitzuen Pirinioak liburuan. Hain zuzen ere, haren museo-etxea bisitatu dezakezu herrian. Eta erdiko kaletik jarraitu dezakezu paseatzen, iparraldeko ahora heldu arte, fiordo baten antzeko paisaia begiztatuz, edo Santa Anaren baselizaraino igo zaitezke, portuko bistez gozatzeko.

Pasaia zure zain egongo da itsasoz, eskaintzen dizkizun txangoetako batean, edo lurrez. Nolanahi ere, ez da nahikoa entzutez gozatzea, aurrez aurre gozatu behar da.